Tuesday 3 March 2009

"ITZALPEAN" JONE AMONARRIZEN LAN IRABAZLEA


Carmenek bizitza gogorra izan zuen Kuban, gogorregia aurrera egin nahi duen batentzat. Egunero-egunero nekea eta tristura makillajez estali eta hamalau ordu lanean igaroko zituen zokora abiatzen zen. Ilargia atera orduko ordea, irribarre marraztuari pilak amaitzen zitzaizkion. Hogeita bost urte bete bezain laster, ama galdu zuen, hainbeste maite zuen ama. Bizimodua aldatu beharra eskatzen zion barruak, eta bi aldiz pentsatu gabe, bakardadearekin batera, bere jaioterri berrira alde egitea erabaki zuen.
Donostiara iritsi zenean, iraganako oroitzapen eta amesgaizto guztiak atzean uztea zen bere asmo nagusia. Bizi berri bati ekin nahi zion, berriz jaio. Urte batzuk lehenago Kubatik bere bidaia berdina egin zuen lagun batek jaso zuen etxean, etxebizitza eta lana aurkitzen zituen bitartean. Logelan sartu bezain laster, txikia zenean amak oparitu zion egunkarian idazten hasi zen.

1986ko irailaren 11
Inoiz ez zait barruan sentimendu izoztu hau nagusitu. Barrua hutsik sentitzen dut, bakarrik nago, ez daukat ezer, eta lortu nahi dudan hori oso urruti ikusten dut. Julia asko aldatu da, uste dut hona etortzeak ez diola batere onik egin. Etxea hiritik nahiko aparte dago, etorkinak dira nagusi. Espero dut Juliak lagunduko didala gizarteratzen. Gaur oso nekaturik nago, bidaiak energia guztia xurgatu dit. Iluntasunean murgildu nahi dut, beldur naiz…

1986ko urriaren 18a
Aspaldi ez dudala bakardadeak sortu didan korapiloa askatu. Jadanik lana aurkitu dut, zaharren egoitza batean sukaldari bezala onartu naute. Oso jende jatorrez inguratuta egiten dut lan, gustura nago. Hala ere, Juliaren etxean jarraitzen dut, etxebizitzen prezioak uste baino askoz ere altuagoak baitira hemen. Oraindik ez dut jende berririk ezagutu lankideetaz aparte, baina lagunak egiteko gogo handia daukat. Julia oso gutxitan egoten da etxean, eta ez dugu ia aukerarik elkarrekin egoteko. Lanpetuta dagoela dio, baina oso arraroa egiten zait duen jarrera. Kuban, ezagutzen nuen neskarik alaiena zen, orain aldiz, ez dut ezagutzen, etorri nintzenetik ez dit bere hemengo bizitzaz hitzik egin. Agian, denborak itzuliko digu genuen konfidantza… Gaur, larunbata izanik, goizean hiria ezagutzera joatea erabaki dut. Zoragarria da! Izugarri gustatu zait! Eta eguraldi ona egiten zuenez, oinetakoak erantzi eta kresalaren alboan hondartza guztia zeharkatu dut, ‘Kontxa’ izena omen du. Oroitzapenetan ibilaldi bat egitea bezalakoa izan da, on egin dit. Arratsaldeko seiak dira orain, lokutorio bat bilatzen ibili naiz kalez kale, baina ez dut aurkitu. Inguruko norbaiti galdetuko diot, Kuban benetan lagundu zidan Celiari deituko niola zin egin bainion.

1986ko urriaren 19
Atzo hamar aldiz deitu nion Celiari, baina ez nuen erantzunik jaso. Lokutorioan ez zen giro, izan ere, gizon batek gaztetxo marokoar bat jo zuen, ez dakit zergatik, baina nik alde egin nuen ertzainak azaldu bezain pronto. Zortzietan etxeratu nintzen. Sabelak ezer eskatzen ez zidanez, ez nuen ezer afaldu. Manta goxo bat hartu eta sofan, telebista ikusten nuen bitartean, Juliari itxarotea erabaki nuen. Gaur, goizeko seietan esnatu naiz sofan, atzo gauean seko lo geratu nintzen. Baina logelara bidean nindoala, Julia komunean sumatu dut. Negarrez ari zen. Ez molestatzearren, ezer entzungo ez banu bezala, oheratu egin naiz. Pentsatu dut, bere kasa kontatuko didala malkoen arrazoia. Bigarren aldiz hamarretan esnatu naiz, eta lo dago. Gaur ere eguzkiak agurtu nau sukaldera sartzean, izugarrizko gosearekin esnatu naiz. Armairuetan jateko zerbaiten bila nenbilela ordea, pilula batzuekin topo egin dut. Orduan hasi naiz kezkatzen, lasaigarriak direla ohartu naizenean… Julia jaiki da! Beregana noa segituan.

1986ko abenduaren 25a
Hotza, iluna, bakartia… honelakoa izan da gaurko eguna niretzat. Goizean hondartzara joan naiz buelta bat ematera, beharra nuen. Etxera bidean, kaleak desertua ematen zuen, eta ni bertako hondar ale bat. Telebista ikusten pasatu dut gelditzen zitzaizkidan ordu guztiak, milaka eta milaka iragarki inozo irentsi behar izan ditut, erabat nazkatu naizenean, ohera etorri naiz, nire malkoen gordelekura. Lehen aldiz lanera joateko gogoa sentitu dut. Ez dakit ez ote naizen hona etortzeaz damutuko… zergatik joan zara ama? Benetan behar zaitut…

1986ko abenduaren 31
Urtea agurtzea tokatzen zaidanez, egunkarian ere kapituluari amaiera bat ezartzea erabaki dut hemen hain seinalatua den egun honi. Dutxatzen ari nintzela ohartu naiz Juliaren pilulen istorioa idaztea ahaztu egin zitzaidala azken aldiz egunkaria eskuetan izan nuenean. Bueno, egia esan, ez zitzaidan ahaztu, ez nuen idazteko gogo handiegirik… eta beste egun baterako utzi nuen. Julia inoiz pentsatu dudan zulorik sakonenean erori dela uste dut. Eta lagundu egin nahi diot, baina ez dakit nola. Atzo kontatu zidan egia guztia. Etorri zenean, orain dela lau bat urte, desesperatuta ibili zen lan bila, baina bere hamazazpi urteekin eta kanpotarra izanik, oztopo gehiegirekin topatu zen. Kaleko hainbat tokitan bere telefono zenbakia jarri zuen zeharo kezkaturik zegoen egun batean, bertan edozertan lan egiteko prest zegoela azaltzen zuen bere datu batzuekin batera. Astebetera dei bat jaso zuen, baina ez espero zuen deia. Putetxe bateko jabea omen zen, lan bila zebilen neska gazte baten telefono zenbakia ikusi zuela eta laguntzeko prest zegoela, oso emakume jatorrak zituela bertan lanean eta lan tratu ona emango ziola. Juliak, tonto moduan baiezkoa eman zion, itsuturik baitzegoen dirua lortzeko bide baten bila. Geroztik ez da esnatu amesgaiztotik… mehatxupean bizi da, tratu txarrak geroz eta bortitzagoak dira, eta gaixotasunen beldur da. Nik salaketa jartzeko esaten diot behin eta berriz, baina ezetz esaten dit, oraingoz nahiago duela bizirik jarraitu. Gaur gauean, lehen aldiz berarekin afalduko dut, espero dut konponbideren bat aurkituko dugula elkarrekin.

1987ko urtarrilaren 6a
Celiarekin hitz egitea lortu dut! Kuban denak berdin jarraitzen omen du, bi ordu igaro ditugu hizketan isildu gabe, berak hango lagun eta familiaren berri eman dit eta nik hemengo kontuez hitz egin diot, baina ez naiz Juliarena kontatzeaz ausartu… geroz eta okerrago ikusten dut, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Ez dit kontuaz hitz egin nahi, ezta eskaintzen diodan laguntzarik onartu nahi ere. Ezin dut horrela ikusi, eta denbora luzez pentsatzen aritu ondoren, ikerlari batekin kontaktuan jartzea erabaki dut, Juliari ezer esan gabe noski. Ikerlariak behin datu guztiak eskuratzen dituenean, ertzaintzara joango gara eta espero dut guztia aldatuko dela kabroi hori giltzapean usteltzen den bitartean. Urte hau aurrekoa baino hobea izatea besterik ez dut eskatzen, zoriontasuna zer den ezagutu nahi dut.

1987ko martxoaren 21
Aspaldiko partez begietan kolorea, urteak ez nuela ikusten ingurua lorez betea. Hurbiltzen ari naiz nik neure buruari jarri nion helburura. Buruan dudan kezkarik handiena lehen nuen txikiena da. Ez dakit zehazki sentitzen dudana identifikatzen, agian zoriona izan daitekeela pentsatu dut, ez dakit. Azken aldiz idatzi nuenetik gauzak asko aldatu dira, onera zorionez. Bete da ikerketaren helburua, luze jo du, baina amaitu da Juliaren eta bere ekaitz berdina pasa dutenen sufrimendua. Orain, tratamendu berezi batean dago, eta bertakoek hiriz aldatzea gomendatu diotenez, beste herri batera mudatzeko asmoa aurrera eramaten laguntzen ari naiz. Ni hemen geratuko naiz, Donostian, Juliaren pisuan. Gauza bakarra eskatu dit, bion arteko laguntasuna ez apurtzea. Zin egin diot hori ez dela gertatuko, eta nik esaten dudana betetzen dudanez, kezka hori burutik ezabatzeko besterik ez dio eskatu nik. Bihar arratsaldean ‘Kursaal’ izeneko eraikineko museoan emakume etorkinen inguruko argazkien esposizio bat aurkeztuko dute eta interesgarria iruditu zaigunez, bertara joateko asmoa dugu Julia eta biok. Bitartean deskantsatzeko aprobetxatu nahi dut aste honetako azken jai eguna.

1987ko apirilaren 1a
Gaur ohartu naiz emozionalki mendi aldapatsu bat bezalakoa bihurtu naizela. Eta hilaren hasiera honetan, maldan behera noa. Atzo nire urtebetetze eguna izan zen, ez nuen aparteko ezer espero baina ez nuen dei bakar bat ere jaso. Beste behin, bakardadea oihukatzeko gogoa sartu zitzaidan, baina nahiago izan nuen isiltasuna entzun. Egun euritsuak oraindik gehiago zapaldu ninduen eta bi aldiz pentsatu gabe, aterkirik gabe, hondartzara joan nintzen. Arroka baten gainean eserita egon nintzen denbora luzez. Ordulariari orratzak gelditu nizkion, gorroto dut beti beraien menpe egotea. Erabat ilundu zuenean abiatu nintzen etxerantz eta orain arte ez bezala, bidean jendeak arraro begiratzen zidala ohartu nintzen. Goizean jaiki naizenean, oso gaizki sentitzen nintzenez, termometroa hartu dut eta baietz esan dit, gaixo nagoela. Segituan lanera deitu dut, ezingo naizela joan abisatzera, eta azkar sendatzeko esan didate, lana soberan dagoela. Zer egin ez nekienez, bizkotxo bat egitea pentsatu dut, barrua beteko didan bizkotxo bat. Mimo guztia jarri diot, eta oso goxoa atera zait! Benetan gozatu dut jan dudan bitartean! Baina ez dit barrua uste nuen bezala bete. Ustez zoriona zen sentimendu hura ezezagun bihurtu da berriz.

1987ko apirilaren 15a
Amarekin amets egin dut bart gauean eta ohikoa den bezala malkoen laguntzaz jaiki naiz ohetik. Askotan ausartagoa izan nahiko nuke, baina bizitzak bihotz bigunegia eman dit mundu gogor honetarako. Euskal Herrian daramatzaten zazpi hilabete hauetan gauza asko irabazi ditudala badakit, baina helburu nagusi batekin etorri nintzen, eta ez da oraindik bete. Zomorro arraro bat bezala sentitzen naiz, bai kalean, baita bakarrik nagoenean ere. Nire sentimenduen jabe izango banintz behintzat… haizeak eraman eta ekartzen dizkit nahi dituenean, ez dakit zergatik, normalean ez dira galdua dudan irribarrearekin batera etortzen. Gaixo jarraitzen dut, eta gaur bereziki, ahula sentitzen naiz, baina medikuak pare bat egunetan sendatuko naizela esan dit eta lasai nago horregatik. Julia Tolosara joan da bizitzera eta bihar bisitatxo bat egitea pentsatu dut, oso herri polita dela esan dit. Mendiz inguratua omen dago, eta lasaitasuna hirian baino hobeto arnastu omen daiteke. Herria ezagutzeko irrikaz nago, oraindik ez bainaiz Donostiatik irten. Ea laster sendatzen naizen guztiz…

1987ko apirilaren 22a
Ezin dut sinetsi! Lanetik bota naute! Zergatik? Eta denbora luzez azaldu ez naizelako gaixorik egoteagatik! Eta ni jende jatorra zelakoan… Trapu zahar bat bezala sentiarazi naute eta gainera ez dut ‘eskerrik asko’-rik entzun hitz faltsu guzti horien artean! Orain hasi naiz ulertzen hemengo gizartea. Begiak irekitzeko unea iritsi zait, badakit. Hala ere, ez dut dena beltzen pintatuko, aspaldi pasatu duen momenturik onenean aurkitzen da nire bihotza. Maitemindu egin naiz! Bizitzan lehen aldiz benetako taupadak sentitzen ditut! Joseba izena du. Astebete pasa dut Tolosan eta iritsi nintzen momentuan bi gazte poltsa lapurtzen saiatu ziren, Joseba laguntzera etorri zitzaidan gertatutakoa ikusi bezain laster, eta orduantxe piztu zen hauts artetik zeharo itzalita zegoen sua. Momentuan eskerrak eman nizkion, beste edonork egingo lukeen bezala. Baina ez nuen denborak aurrera egiterik nahi, aurpegi eder horren atzean zer zegoen jakin nahi nuen. Ezustean, kafe bat hartzera gonbidatu ninduen. Zeharo maitemindu nintzen ezezagun batetaz. Kezkaturik nengoen ordea, berak nigatik zerbait sentituko ote zuen. Orduak eta orduak pasako nituzke bere begirada sakonaren aurrean, bere ezpainen gose nintzen. Nongoa zen galdetu nion, eta Leaburu izeneko herri txiki batean bizi zela erantzun zidan. Agurra nahiko hotza izan zen bihotzean nuen berotasunarentzat, baina Euskal Herria oraindik ia ezagutzen ez nuela esan nionez inguruko paisaia eta txokorik politenak erakutsiko zizkidala esan zidan eta hurrengo egunerako geratu ginen. Azkenean, Juliarekin beharrean Josebarekin pasatu dut astea, baina ulertzen didala esan dit Juliak, munduko zorterik onena merezi dudala, eta hori entzuteak benetan hunkitu nau. Inoiz pasatu ditudan momenturik goxoenak izan dira. Egun eta gau ahaztu ezin hauetan igaro nahi dut bizitza osoa… Zazpi egunak beste mundu batean bezala pasa ditut, ametsetan bakarrik existitzen diren mundu horietako batean. Baina lurreratzeko momentua iritsi zait, eta lanik gabe nago, Donostiara itzuli beharra daukat eta Josebarekin hitz egitera noa.

1987ko maiatzaren 1a
Urtebete amaren babesik gabe bizi naizela, urtebete hutsunearen aurka gogor borrokatzen, urte luzea, benetan urte bakartia. Buelta eman diot ordea egoerari, itxaropenak etsipenaren aurkako guda bortitza irabazi duelako. Joseba eta elkarren arteko harremanean gauzak oso azkar doaz, baina zer nahi dudan oso argi daukat, eta nahi dudan hori beraren eskuetan dago. Ez dut lanik aurkitu oraindik, baina bai Joseba eta bai Julia, asko ari zaizkit laguntzen. Gaur presaka nabil, Josebaren familia ezagutzera noa bere amonaren baserrira.

2008ko abenduak 11
Hauts artean aurkitu dut egunkaria. Hitzik gabe geratu naiz momentuan. Ahaztuta nuen mudantzak izan genituenetik… orain dela hogeita bat urtetatik… Guztia irakurri dut, eta barrua nahastu zait iraganera itzultzean. Baina behin egunkaria eskuetan izanik, oraingo bizimoduaz hausnarketa bat egiteko gogoa jarri zait. Leaburun bizi gara: Joseba, Saioa, eta hirurok. Baina laster bigarren sorgintxo bat izango dugu familian, eta ilusio handiz ari gara itxaroten. Jende asko ezagutu dut eta tartean baita lagun onak aurkitu ere. Lana Belauntzako jatetxean egiten dut, Juliarekin batera, ontziak garbitzen batzutan, zerbitzari bezala bestetan. Izan ere, Juliaren senargaia bertako jabea da. Belauntza Leaburutik oso gertu dago, eta oinez joaten naiz bertara egunero, paisaia berde ederraz gozatzen dudan bitartean. Lanetik atera eta ia ostiralero bisitatzen dut Donostia, itsasoak asko lasaitzen nau, erreflexionatzen laguntzen dit, eta oroitzapenak gogoratzen. Ama bihotzean daramat beti, eta beti eramango dut. Badakit oso arro egongo litzakeela nitaz, ni beretaz beti egon izan naizen bezala. Behin bizimodua eginda dagoenean, gauzak beste modu batera ikusten dira, agian gehiegi kostatu zait bizitzaren bidean topatu ditudan oztopoak gainditzea, baina niretzat garaipena bikoitza da. Orain bai, benetan esan dezaket zoriontsu naizela, zoriontsu guztiaren gainetik! Baina nire berrogeita sei urteek mundua ezagutzera eraman naute, eta ez zait uste bezain beste gustatu ustez aberatsa den lurralde honetako gizartea, esperientziak erakutsi baitit begiak ondo irekitzen. Banekien mundu ez-justu honetan edonon aurki litekeela arrazakeria, eta frogatu ere egin dut. Baina oker nengoen hemengo emakumeenganako tratuaz nuen irudiaz. Nik zorionez, ez ditut ekintza gogorrak jasaten, baina argi daukat, eta oso ondo dakit nor izan naizen, nor naizen eta nor izan nahi dudan. Horregatik, itzalpetik ateratzeko, denon argi izpiak behar ditugu, bideari ekitea besterik ez zaigu falta.

No comments: